Manifestua Donostia 1813 – 2013

Manifestua Donostia 1813-2013.

Donostia sutan 1813-2013
Donostia sutan

MANIFESTUA
         Berrehun urte igaro dira gure hiriak bere hIstoria osoan izan duen hondamendirik handiera jasan zuenetik. Napoleonen tropa frantsesek 5 urtez okupatuta eduki ondoren, britainiar Armadak, espainolenarekin aliaturik, erasoan hartu zuen hiria, munduko baliabideen kontrolean lehiakide zituenak garaitu eta Donostia erraustua utziz, ordura  arte inon inoiz ezagutu ez zen arpilatze izugarri batean. Donostiako udalak berak horrelaxe adierazi zuen gertatua garai hartan. (Manifestua 1814)
Espainiaren aliatuen erasoak, frantsesek gaztelura ihes egin zutelarik, donostiarrentzat  izan litezkeen ondorio gaiztoenak ekarri zituen. Hiriak zituen 600 etxeetatik 35 bakarrik geratu ziren zutik, 1.000 donostiar inguru babesik gabe tiroz edo baionetaz erail zituzten, tropek eta beren ofizialek emakumeak, zaharrak nahiz neskatoak, sistematikoki bortxatu zituzten, …
Nahita eragindako sutearekin batera, bertako ondasun pribatu eta publiko guztiak arpilatzen aritu ziren hilabeteetan, eta baita soro eta baratzeak suntsitzen ere; aldi berean, zutik geratu ziren etxe-bizitza guztiak berriro militarki okupatu zituzten, parrokiak eta komentuak barne.Suteari neguak jarraitu zion eta jende gehiena miseria gorrian bizi zen, honek gaitzen zabalkundea ekarri zuelarik, bereziki malaria eta goseak hiltzea. Negua amaitzean, Donostiako udalak berak zenbatu zituen 1813ko abuztuaren hondarretik ordura arte hildakoak, 1.600 pertsona, populazioaren % 17,5. Benetako holokaustoa.
Alava eta Castaños jeneral espainolak, sarraskiaren errudunak eta tropa setiatzaileen buru zen Wellington britainiar dukeak ukatu egin zuten beren inplikazioa eta donostiarrei eurei eta 5 urtez hiria okupatu zutenei leporatu zieten kulpa. Urteetan iraun zuen gezur honek. 1937an Gernika naziek bonbardatu zutenean bezala, errua euskaldunei leporatuz. Dozenaka urtetan, Donostiako udalak ahal izan zuen nazioarteko foroetan parte hartu zuen egia jakinarazi nahiz. Guztira 79 lekukok salatu zuten doilorkeria izugarri hura eta, azkenik, beren testigantzak tragediari buruzko isiltasuna  hautsi ahal izan zuen.

Udal-Diputazioek beren gain hartu zuten hiria berreraikitzea, Zubietako Adierazpenak zioena burutzeko beharrezko baliabideen ekarpena eginez. Ez frantsesek, ez espainolek ez britainiarrek ordaindu zituzten eurek eragindako kalteak. Espekulatzaile eta lukurrero talde batek , gainera, berreraiketa oztopatu zuen. Bizilagun gehienaren ahalegin eta erabaki sendoak lortu zuen, erabateko miseria latz hartan, hirigintza berreskuratzea. Arpilatze, bortxaketa eta sutearen ondorioek, ordea, hainbat belaunalditan iraun zuten.

Berrehun urte geroago, agiri honen sinatzaileok Donostiako herriari, bertako bizilagunei eta ordezkariei proposatu nahi diegu holokausto ikaragarri hura jasan zuten guztiei omenaldi hunkigarri bat eskaintzea, atsekabe ezin gogorragoetan murgildurik etorkizunari kemen ohoragarriz aurre egin eta hiria berreraiki zutelako. Askori baina bereziki eurei zor diegu gaur daukagun hiria. Zorretan gatzaizkie. Militarkeriarik gabe eta orduan gure hiriarekin zerikusirik izan gabe lehian zeuden Armadei buruzko antzezpenik gabe, egin diezaiegun merezi duten omenaldia.

Gizon-emakume haiek izan ziren, beren familiak birrindurik, beren ama, arreba eta alabak bortxaturik, beren semetxoak hil-kutxa txurietan ehortzirik, giza-kondizio prestuenak berreskuratu zituztenak ondorengo belaunaldientzat: kolektibitatean uste sendoa, askatasun grina irmoa eta, batez ere, inoiz etsi gabe egiaren defentsa ziurtatzea historiaren zutoin izan zedin betiko. Gure oraina zor diegu eta haien oroitzapen eta aldarrikapenei esker, hain biziki irrikatu zuten etorkizun librea eraikiko dugu.

Manifestua euskaraz eta gazteleraz (pdf)

Kategoria: Uncategorized Etiketak , , , , . Gorde lotura.

1 Response to Manifestua Donostia 1813 – 2013

  1. Pingback: Donostiako sutearen keak estalitako tragedia

Iruzkinak itxiak daude.