1813ko bigarren mendeurrenerako lehen ekimenak. Donostia.org
1813ko bigarren mendeurrenerako lehen ekimenak.
Batzordean ordezkatuta dauden talde politiko guztiek gertakarien inguruko bi dokumental egiteko laguntza ematea adostu dute, baita Urgulleko Historiaren Etxea museoan erakusketa iraunkor bat egiteko ere.
Donostiako Udal Gobernuak 1813ko gertakarien bigarren mendeurrena oroitzeko antolatzen ari den ekitaldien inguruko informazioa eman dio Batzorde Ez Iraunkorrari, eta berehala martxan jarri beharrekoak babesteko adostasuna lortu du.
Batzordean ordezkatuta dauden talde politiko guztiek gertakarien inguruko bi dokumental egiteko laguntza ematea adostu dute, baita Urgulleko Historiaren Etxea museoan erakusketa iraunkor bat egiteko ere. Horrez gain, datorren urteko danborradarako, Raimundo Sarriegi konpositorearen pieza bat berreskuratzea bultzatuko da, heldu eta haurrek jo dezaten, ohitura bihurtu diren piezekin batera. Hain zuzen ere, danborrada egunekoa izango da 2013ko lehenengo ekimen garrantzitsua.
Aurreko bileran, ekitaldien aurrekontu muga gehienez ere 1 milioi eurokoa izatea adostu zuten udal taldeek. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek nabarmendu du, ordea, Udalak beste erakunde publiko eta pribatu batzuen laguntza bilatuko duela, eta gastuak neurtuko dituela, donostiarrei zama handia eragin ez diezaieten.
Bestetik, joan den astean onartu zuten talde politikoek 1813aren bigarren mendeurrenari buruzko adierazpen instituzionala eta urriaren 24ko udalbatzarrera eramango dute. Adierazpen horren arabera, 1813ko abuztuaren 31n gertatutakoa hiriaren historian mugarria izan zenez, oso garrantzitsutzat jotzen da ordukoa ezagutaraztea, oroitzea, oroitzapena egitea eta berreraikitzea, hiria arpilatu eta suntsitzea zerk ekarri zuen zorroztasunez aztertuta. Adierazpenean nabarmendu denez, egitasmo kolektiboa izango da, donostiar guztiena.