Donostia 1813-2013: Donostiako udalaren Erakunde adierazpena 2012-10-5 (Donostia.org Pdf)
Donostiako udala Erakunde adierazpena 2012-10-5
1.- Donostiako Udalak bereziki garrantzitsu irizten dio 1813-2013, hiria suntsitu eta berreraikitzea erabaki zen une haren oroitzapena egiteari; mugarri historikoa, lau helburu ardartz hartu behar dituena: ezagutarazi, oroitu, oroitzapena egin eta eraikitzen jarraitu.
2.- 1813-2013 Bigarren mendeurreneko ekitaldiek balio behar dute 1813an, ezinbesteko den zorroztasunez, egiatan zer gertatu zen oroitzeko, belaunaldi gazteei ezagutarazteko zer gertakari historikok ekarri zuten hiria arpilatu eta suntsitzea; goraipatu donostiar haien erabakimena eta indarra, Zubietan Aizpurua baserrian elkarturik, errautsetatik hiria
berriro eraikitzea hitzartu baitzuten; eta duen balioa eman, halaber, hirigintzak, ekonomiak, gizarteak eta kultural berrehun urte hauetan izan duen garapenari, horri esker bihurtu baita Donostia hiri moderno, ireki eta kosmopolita, aintzindari alor batean baino gehiagotan.
3.- Bigarren mendeurrena egitasmo kolektiboa da -hala erakutsi dute donostiarrek bidalitako proposamen eta egitasmo ugariek- eta erakunde publiko eta pribatuen parte hartzea behar du, eragile ekonomiko, sozial eta kulturalena, eta donostiar guztiena.
4.- Halaber, bigarren mendeurrena aukera paregabea da Donostiaren irudia hemendik kanpo proiektatzeko, aukera paregabea oroitzapen-ekitaldiak bertako ekonomia suspertzeko motor bihuertzeko, hiriko merkataritza, turismo eta kultura alorrean aberastasuna eta enplegua sortzeko, aukera paregabea funtsezko mugarri izateko 2016an Europako Kultura Hiriburu izatera eramango gaituen bidean.
5.- Aipatutako helburuak lotzeak eskatzen du askotariko jardueraz osatutako programazioa antolatzea: izaera akademiko, kultural, sozial zein jai-girokoak. Hiriaren eta donostiarren historian bigarren mendeurrenak duen garrantziaren araberako programazioa, 2013. urte osoan zehar hezurmamituko dena.
6.- Gertatutakoa ezagutu, oroitu eta haren oroitzapena egiteak eskatzen du, halaber, programazioak izan behar dituela bere baitan Giza Eskubideak, eta Bakerako eta Bizikidetzarako heziketa ardatz izango dituzten ekimenak, haur eta gazteei bereziki zuzenduko zaizkienak.
7.- Aldi berean, bigarren mendeurrenak utzi behar luke bere mugarria etorkizunerako hiriaren arkitekturan, kontuan izanik berreraikitzeak itxura-aldaketa ekarri ziola Donostiari, gaur eredutzat hartzen den garapen urbanistiko eta arkitektonikoa, alegia.
8.- Bigarren mendeurrenak etorkizunari ere begiratu behar dio, eta hiriaren geroaz gogoeta egiteko guneak eskaini, akademian, ekonomian, gizartean edo kulturan eragile direnek azter dezaten krisia leku guztietara zabaldu den garaiotan, zein diren XXI. Menderako
“berreraikitze”, “birsortze” aukerak.
9.- Donostiako Udalbatzak eskatzen die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari parte har dezaten, aktiboki, Donostiaren Berreraikuntzaren bigarren mendeurrenaren ospakizunean. Halaber, deia luzatzen die Gipuzkoa eta Euskadiko herritarrei eta ospakizun honetan parte nahi duten erakunde pribatu nahiz publiko orori.
Donostian 2012ko urriaren 5ean.
Bildu udal taldea: Josu Ruiz
EAJ/PNV udal taldea: Eneko Goia
PSE-EE udal taldea: Marisol Garmendia
PP udal taldea: Jose Luis Arrue
Donostia 1813-2013: Donostiako udalaren Erakunde adierazpena 2012-10-5 (Donostia.org Pdf)