2013, donostiarren suntsiketak darrai. Beñi Agirre. Nabarralde
Nabarraldek Donostiako Udalaren eskutik ekoiztutako dokumentalean esaten da 1813an Donostiako populazioaren %90a euskaldun elebakarra zela, eta gainerako ia denak elebidunak. Hortaz, hiru inperioren eraginez suntsitu izan aurretik, Donostian ez zegoen bizitza soziala egiterik euskaraz jakin gabe. Gaur, ordea, bestelakoa da egoera.
Donostiako harresiak bonbardatu, etxeei su eman, gizon-emakumeak hil, adin guztietako emakumezkoak bortxatu…, sarraski horiek guztiak, anglo-portugaldarrek egin omen zituzten. Donostia hiria Espainiaren aliatuek suntsitu zuten, ez dakigu nork aginduta; baina, nork eta noiz suntsitu zituen donostiarren izaera eta eguneroko bizimodua ondorengo urteetan?
Vienako Batzarrak (1814-15) Europako monarkien mugak Frantziako Iraultzaren aurretik (1789) zeuden zeudenean ezarri zituen; horrela, Hego Euskal Herria Espainian gelditu zen eta Iparraldea Frantzian. Euskaldunak bi inperioen mende berriz ere. Ingelesak eta portugaldarrak desagertu ziren eta orduan etsai ziren espainiar eta frantziarren mende geratu ginen bananduta.
Azken 200 urte hauetako kronika oso latza izan da guretzat. Utrcheko Itunaren eraginez Baiona eta Lohitzuneko portuek Ternuako arrantza tokiak galdu zituzten. Frantziako Iraultzaren ondorioz milaka euskaldun deserriratu eta erail zituzten. Halaber, Espainiako Inperioaren gainbehera hasi zen. 1812ko konstituzioak, La Pepa deitzen dutenak, honako zabarkeriarekin hasten zuen bere proklama “La nación española es la reunión de todos los españoles de ambos hemisferios”. (Jarraitzen du)