1813an frantsesek ere egin zituzten sarraskiak, guda Euskal Herri osoan tragedia itzela izan zen, adibidez Arbizun bideo dotorea paratu dute sarean Arbizu sutan 1813; 200. urteurrena gogoratzeko egitaraua prestatu dute ekainak 22an:
[youtube http://www.youtube.com/watch?v=UE7lK3_11J0]
Ekitaldia prestatu dute ekainak 22an:
Eguna borobiltzeko, egitarau xume bat prestatu dugu: goizean erakusketa izanen dugu udaletxean; haurrentzako ipuin kontalaria eta altxorraren bila, garaian girotuak; herriko koruak emanaldia eskainiko du, Josema Leiza herriko bertsolariak sortutako bertsoen inguruan; auzate historikoa eginen dugu; herri bazkaria eta, amaitzeko, gaueko emanaldia.
Garagarrilak hogaita hiru
herriko festen abisu
Sanjuan bezperez eman zioten
berrogei bat etxeri su.
Infernuaren garren argitan
mila ta bi begi izu.
Inperioaren zeru azpian
zer izango zen Arbizu?
Amorruaren handikeriak
sututako paradisu.
Goyen kalea, Barren kalea
Errekondo, Olatzea
ganbaratxoa, estarbi barna,
sukaldea, ezkaratzea,
atorra, gona, argizaria,
maindirea, ohatzea,
sega, aitzurra, aulkia, mahaia,
pertza, kaikua, eltzea…
Zein erreza den etxeak erre
ta bihotzak kiskaltzea.
Historia da andre-gizonen
joan eta etorria
batzuk sufritu eta besteek
idatzitako orria
interesaren putzua edo
egiaren harrobia
iraganaren geltokia edo
geroaren jatorria
sakautsetako inkerretatik
izeitako su-gorria.
Benetan pozik gaude jendearen erantzunarekin. Lakuntzarren laguntza, etxarriarrena, musikan eta jantzietan, zaldiekin etorriko direnena, eta arbizuarrena, jakina, hondarreko urteotan ez baitugu izan herrian hainbeste jende elkartu duen proiekturik.
Azkenik, 1813ko gertaerak gogoratzeko asmoari ze filosofiarekin heldu diogun azaltzen saiatu ginen etxez etxe banatu genuen orri honetan:
EKAINAREN 22an duela 200 urte izandako gertaera izugarriak gogoratu nahi ditugu, eta ez da berez ospakizun bat. Omenaldia bai, ordea, gure herriak aurrera egitea eta bizirik irautea lortu zutenei egindakoa. Guk ez dugu aukerarik izanen beste ehun urte pasatu ondoren berriz gogoratzeko, baina polita litzateke gure ondorengoek egun hau gogoan hartzea gerora ere.
EKAINAREN 22an izanen dira ekitaldiak, errealitatean ere, hau da, 1813an, egun horretan gertatu zelako sutea, ekainaren 23an. San Joan bezperan egitea ezinezkoa denez, larunbata egun aproposa dela pentsatzen dugu, kanpoan bizi diren herritar asko egun horretan hemen izanen direlako, eta haiek ere aukera izan dezaten egunaz disfrutatzeko.
EKAINAREN 22rako, kaleko antzerki saio bat prestatu dugu. Gure asmoa ez da izan bataila, garaipen edo porrot bat ospatu edo antzeztea. Horrelakoak beste toki batzuetan ikus daitezke urtero. Hemen ez zen halakorik izan, gainera. Hemen, Donostian bezala, gerrak bere aurpegirik krudelena erakutsi zuen, militarren “gloria eta ohore” guztietatik oso aparte: populazio zibilaren sufrimendua, beldurra, heriotza, gosea, suntsipena…
Gure ustez, ikuskizunak bi baldintza bete behar zituen batez ere: ahalik eta herritar gehienek parte hartzeko aukera ematea, eta guk buruan genuen historia kontatzea:
–herritarren izua, soldaduak heldu direlako, eta basora ihes egitera behartuta
-gerrak dakartzan gauza txar guztiak, deabruen eta danborreroen pertsonaiekin
-erretako 45 etxeen arima, andreek kandeletan gordea eta herritar guztiek babestua
–herritarren itzulera eta, gauza guztien gainetik, berriz eraikitzeko kemena eta etorkizunari aurrez aurre begiratzeko gogoa
Sinbologia horretako protagonistak arbizuarrak beraiek eta sua dira, bere esanahi guztiekin: sua suntsipena da, baina berotasuna eta bizia ere bada, itzaltzen uzten ez badugu. Sua, azkenik, gozamena da, gauza txarrak eraman ditzake berarekin eta poza ekarri…
EKAINAREN 22a herritarrek herritarrentzat sortua da, ekitaldiak Arbizu 1813-2013 Herri Ekimenak pentsatu, landu eta antolatu dituelako Udalaren laguntzaz. Hasieratik saiatu gara finantzatzeko bideak aurkitzen, udalari dirurik eskatu beharrik ez izateko: txapak, kamisetak, liburuxkak, diskoak… Iazko udatzenetik ibili gara lanean, bilera irekietan eta ahalik eta jende gehien inplikatzen. Horren emaitza, Arbizurentzat propio sortu diren baina edonorentzat gozagarri izanen diren lanak: Xabiren ikerketa historikoak, Pelloren musika, Castilloren ipuina eta Cristinaren marrazkiak, Josemaren bertsoak, Maider, Rakel, Ino eta Ramoniren maskarak… azken batean, historia honekin ilusionatuta gabiltzan guztion lana eta esfortzua (milesker denoi!).