Aliatuen 31ko erasotik astebetera, 1813-9-8an, Donostia oraindik sutan zegoela eta Mota gazteluko hiru mila frantsesak errenditu ziren egunean, Zubietako Aizpurua baserrian bildu ziren Donostiako alkateak, idazkaria, apaizak, guztira 20 jaun, eta Donostia hiri osoa (sei mila biztanle) saltzeko eskaintza egin zioten aliatu lapur, bortxatzaile, erailtzaile eta suemaileen buruari, Wellingtoni:
“…gure Hiria berreraikitzeko itxaropenari uko egitea betiko, aho batez onartuko genuke…”
Salneurria ere jarri zioten Donostia hiriari, laurogeita hamar milioi
erreal, aste horretan (1813-8-31, irailak 8ra bitartean) aliatuek (Wellington nagusi) nahita erre zutenaren balorea alegia; gehitu beharko zitzaion hiri lurraren balioa.
Donostiar erailak, emakume, neska bortxatuak, umeak, umezurtzak, zaurituak, elbarriak, hilak… ez zituzten baloratu. Bi mila hildako izan ziren.
Zer gertatuko zen Wellingtonek erosi izan balu Donostia 1813an?
Donostia erosi aurretik, Wellingtonek nahiago izan zuen inpuneki lapurtzen jarraitzea hilabetetan eta donostiarrek hiria berreraikitzea baino, beste erremediorik ez zuten izan, inolako laguntzarik gabe jakina, jarraitzea bizitzen sarraskiaz gain, ehun milioi errealeko galera ekonomikoarekin alegia; beste edonon hiri zorua ere erosi beharko zuten etxeak berreraikitzeko. Donostia bakarrik 300 biztanlekin gelditu zen, de facto despopulatu zen, eta plaza militarra zenez, españolek aurreneko hiru urtetan debekatu zuten Donostia berreraikitzea, baldintza oso gogorrak jarriz, etxe bakoitzak bonben aurkako sotoa eta ur putzua behar bait zuen 1816ra arte.
Denborarekin, hiru mila donostiarrek txaboletan modu txarrean bizi behar izan zuten urte luzetan, ehundaka hil ziren, belaunaldi oso bat. Hau da Donostiako berreraikitzearen tragedia.
Donostia hiria ehun milioi erreal baloratzeko berriz, etxeak, ondasunak eta biltokiak ederki inbentariatu zituzten normala den bezala. Zubietako 20 jaunak baloratzeko (200 urte igaro ostean epaitzeko) beste modu bat, hauek ere biktimak izan baitziren.
Zubietako 20 jaunen zerrenda begiratuta nabarmena da bizirik gelditu ziren alkateak, Miguel Antonio Bengoetxea (aliatuek lapurtua eta jipoitua 31n, 78. lekukoa) eta Manuel Gogortza Alkate eta Ohiko Epailea, aukeratuak izan zirela (zinegotziekin batera Claessens, Ezeitza, Armendaritz) Jose I. Bonaparte Españako erregea zelarik, alegia, 1808an Baionan Napoleonek inposatutako 1. Konstituzio españolaren arabera. Donostiako espetxeko alkatea Jose Inazio Elizalde, aliatuek erail zuten 31n bere familiaren aurrean preso ingelesek salatuta. Donostiako hiru alkateak eta zinegotziak, aliatuentzat afrantsesatu samarrak ematen zuten.
Claessens, Armendaritz, Olotzaga eta Legarda abizenak gutxienez, azaltzen dira ere 18 urte lehenago, 1795-5-10ean, Konbentzioko gudan, Donostiako udaletxe zaharrean (Hercules Torrelli 1718) hiria iraultzaile frantsesa bihurtzen, Louis XVI. Frantziako erregeari lepoa moztu ostean.
Hauei (Claessens, Armendaritz, Olotzaga, Legarda…) berdin zitzaien beraiena ez zen Donostia hiria nori saltzen zioten (kalteak nori kobratu) españolei, portugesei, frantsesei, ingelesei…batez ere armatuak bazeuden, aurrena bizia salbatzea eta ondoren ahal bazen ondasunak eta negozioa. Azken 200 urtetan eta gaur egun ere antzeko egoeran bizi gara donostiarrak.
Gaur egungo Donostiako kaleak, udaletxeko eskailera, Polloe hilerria, “abertzale eta saltzaile” hauen izenekin beteta dauzkagu eta Donostiako “berreraikuntza tragikoa” (ehunka donostiarren bizia kosta zena urtetan) Zubietan hasi omen zuten 20 jaun biktima eta saltzaile hauek.
“Jaun Txit Goren hori, Donostiak zakuratze izugarria pairatu du,
halakoetan gertatu ohi diren gehiegikeriekin batera, bai eta seiehun
bat etxeren erreketa ere, non sugarrek laurogeita hamar milioi
errealen balioa ezerezean utzi baitute. Gertakari tamalgarri honek
mila eta bostehun familia baino gehiago errekara eraman ditu, zeren
eta zortzietatik zazpi zeharo kale gorrian eta eskean ibili beharreko
moduan utzi baititu, non, eta hain zuzen bost urtez etsaien
menpean bizi behar izan dutelako bizirauteko adina ere ez duten
biztanleen herrialde batean.
Kalapiten zurrunbilo honen erdian, aldiz, ez da epelkeriaren
aztarrenik ere bilatu ahal izan Hiri dohakabe honek mila zortziehun
eta zortziaz geroztik adierazi duen herrizaletasun etengabean. Sakrifizio berriak egin ahal eta behar balira, ez litzateke zalantzarik batere egingo haietara etsitzeko.
Azkenik, operazio militarren konbinazioak edo lurraldearen segurtasunak eskatuko baligu aldi batez edo behin betiko uko egin geniezaiola gure Hiria berreraikia eta berrezarria ikusteko itxaropen gozoari, aho batez adieraziko genuke geure adostasuna, batik bat, zuzena den bezala, gure galerak prorratan banatuko balira Penintsulako eta Itsasoz Bestaldeko gure erkide guztien artean.”
Zubieta 1813-9-8 sinatzaileak:
Miguel Antonio Bengoetxea alkatea (78. lekukoa)
Manuel Gogortza Alkate eta Ohiko Epaileak;
Jose Santiago Claessens,
Jose Maria Ezeitza (zinegotzia)
Joaquin Bernardo Armendaritz, Sindikoa (64. lekukoa)
Joaquin Antonio Aranburu, Eliz Batza Prestuko Priorea;
Joaquin Santiago Larreandi, prebiteroa (79. lekukoa)
Joaquin Pio Armendariz, Presbitero Onuraduna;
Joaquin Luis Bermingham, Kontsuletxe Prestuko Priore
Bartolome Olotzaga, Kontsula (33. lekukoa);
Jose Maria Soroa Soroa,
Evaristo Etxague,
Jose Elias Legarda,
Jose Ignacio Sagasti, (31. lekukoa)
Sebastian Ignacio Altzate,
Francisco Antonio Barandiaran,
Rafael Bengoetxea, (5. lekukoa alkatearen semea)
Manuel Riera
Domingo Galardi,
Joakin Arizmendi Udal Idazkaria.
Pingback: Jose Inazio Elizalde Donostiako alkatea ere aliatuek erail zuten 1813-8-31n | Donostia ke ta su 1813 kultura 2013
Pingback: Donostia 1813 alkateak lapurtuak, jipoituak: Miguel Antonio Bengoetxea eta Manuel Gogorza | Donostia ke ta su 1813 kultura 2013
Pingback: Wellington bortxatzailea Donostia 1813 | Donostia ke ta su 1813 kultura 2013
Pingback: Zubieta 1813-9-8 duela 200 urte Donostia saltzeko eskaintza Wellington-i | Donostia ke ta su 1813 kultura 2013
Pingback: Non dago 1813-9-8 Zubietako txostena? “aliatuek Plaza hartu ondoko erasoaren garaian gertatutako oro” jasotzen duena | Donostia ke ta su 1813 kultura 2013