Donostia 1813 bi mendeurrenaren 7. ekitaldia aste buru honetan

Donostia 1813 7. mugarria Donostia.org

Ostiralean, hilak 19, 17:30ean, Donostiako Untzi Museoan bisitaldi gidatua egingo da. Taldea gehienez ere 25 lagunekoa izango da eta aldez aurretik eman behar da izena, hona idatzi edo deituta: untzimuseoa3@gipuzkoa.net / 943 430 051.
Uztailak 20: itsasontzi tradizionalen elkarretaratzea

Larunbatean eta igandean programak hainbat aktibitate dakartza. Hilaren 20. eguna 9:00etan hasiko da, ontzi tradizionalak itsasoratzean, Donostiako portuan eta Pasai San Pedroko Ondartxon; batzuk Pasaiarantz eta besteak Donostiarantz, erdibidean topatu eta elkarrekin egingo dute Donostiara bidea.

Arraun- eta bela-ontzi tradizional hauek itsas ondarea eta kultura sustatzen dituzten Albaola eta Euskal Bateleroak elkarteenak dira. Itsasoaren aldeko manifestu bat irakurriko dute, itsastar herrikoak izaki haren berreskurapena, kontserbazioa, ikerketa, gozamena, eta abar aldarrikatuko baitituzte.

Itsasontziak 11:00ak aldera sartuko dira Kontxako badian, eta 1813ra eramango gaituzte, suntsitu aurreko itsas hiriak zer nolako itxura izan zezakeen iradokiko digute eta. Donostiako portura helduta, trikitixa musikak eta etxafuegoek egingo diete ongietorria. 14:00etan Eskola Euskal Dantza Taldeak kaxarranka dantzatuko du portuko San Pedro elizaren parean, eta partaide guztien argazki zabala egingo da.

Itsasontziak badian egongo dira ikusgai, harik eta 16:00etan, Andoni Etxarrik aurkeztuta, erakustaldi hutseko estropada batean parte hartuko duten arte. Lehenago, 14:30ean, Karmen Jaietako herri bazkaria egingo da portuan, erromeriak girotuta.

Itsasontzi tradizionalak Easo Abesbatzako otxote baten erritmoan irtengo dira portutik estropadara. Haren ondoren, 17:00etatik 20:00ak arte, Aquariumeko Nautilus aretoan Laura Arana artista gasteiztarrak egindako “Nabigazio Karta” erakusketa bisitatu ahal izango da, non zenbait bideo eta 28 argazkiren bidez urak egunerokoan duen berezko presentzia erakutsiko den. Erakusketa, Aquariumen irailaren 15 arte ikusgai egongo dena, larunbat horretan eta esandako ordutegian doan bisitatu ahal izango da.

Eguna burutzeko, 19:00etan, Karmen Jaiekin bat, sardina-jana antolatuko da portuan. Informazio gehiago Donostia 1813 7. mugarria Donostia.org

Kategoria: 2013 Etiketak , , , . Gorde lotura.