Etsaiak marro egiteaz harro

Donostia 1813 Gernika 1937Etsaiak marro egiteaz harro
I
Genozidio nabarmena da
Donostia erretzea
orobat anker, harrokeriaz
suntsiketa ukatzea,
berrehun ta lau urte ondoren
kalterik ez onartzea
lege bihurriz armak dantzatuz
indarrez okupatzea,
apeta zikin Euskal Herria
mapatik ezabatzea.(bis)
II
Cadizko lege multzoa, nonbait,
bizi gutxiko, laburra
erregetzaren berrezarpenak
absolutismo makurra,
handikeria, lilura itsu
kultur arrotza, glamurra,
garai haretan ugaritu zen
uzki zuria, lapurra
orain eurentzat nahiko lukete
geratzen zaigun apurra.(bis)
III
Gernikarekin zer egin dute
erre ondoren osorik?
Españiako ezein gobernuk
ez du ireki ahorik
parka eskerik ez zazu itxoin
ez dago eta gogorik
larogei urtez ez dute inoiz
galdu atsedenik, lorik
eta gezurrak barreiatzeak
ez du sortzen arazorik(bis)
IV
Berrehun edo larogei urtek
hona ezkero berdin du
argi daukagu tarte horretan
nork duen hemen agindu,
demokrazia ustelak zigun
amets ederra birrindu,
hemen zenbaitek ontzat emanak
gintuen biziki mindu
gudari haien odolez lurra
zertarako zen zikindu?(bis)
V
Donostia zein Gernika izan
zibil gaixoen hilketa
ta beste hainbat tokitan ere
jarri behar da arreta,
etsaiarentzat izan zen hura
aurre saio ariketa,
gertakarien berri ematen
har dezagun, bada, beta
ahaztezina gertatu dadin
hainbeste samin, hileta,(bis)

Trunboi.
DOIÑUA: Lurraren pean sar nindaiteke

Kategoria: 2017, Uncategorized Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

1 Response to Etsaiak marro egiteaz harro

  1. Pingback: Oroituz (Donostia 1813 sarraskia) | Donostia ke ta su 1813 kultura 2013

Iruzkinak itxiak daude.