Konstituzio arrotzen zale. Bertso berriak. Trunboi

KONSTITUZIO ARROTZEN ZALE
DOIÑUA: Lurraren pean zar nindaiteke
I
Cadizko lege berri multzo hark
sortzen digu harridura
berrehun ta bost urte ondoren
zertaz gintezke lilura?
Euskal Herri hau zein libertatez
zuen oparo ingura?
Euskal hiztunei zer zekarkien
zein eskubide onura?
eta San Telmon goraipatua!!
norena da sinadura? (bis)
II
Libertateak zekarzkiela?
Haseratik gezur hutsa
orduan ere egun bezala
bazekiten norantz bultza,
lege gorena baliatuaz
ezarri zuten soldautza
eta gainera eurena jarriz
baztertu gure hizkuntza
gaur egun ere uste ez arren
Españak du eskuduntza.(bis)

III
Ze sufragio eta zer ipuin!!
ez izateko nagusi
Euskal Herrian mende t’erdian
horixe dugu ikusi
kostituzio zaharra bela
zuten errotik erauzi
berriak, aldiz, agindu eta
eskumenik gabe utzi,
aginpidea Españak dauka
ongi digu erakutsi.(bis)
IV
Zein naziotaz ari ote da
Foru Aldundi, Udala?
Eskubideak nork banatuak
jabetza ta kapitala?
zer dun nahiago Euskal Herria
ala etsaien magala
nora dijoan zein asmorekin
behingoz argitu dezala
ez da garbia, parte oneko
darabilen martingala.(bis)

V
Araudi zital, kaltegarria
pozarren dute agurtu
helburu, berriz, denok emeki
España barnean urtu
ahaztuz nahita gure herri hau
hoiek zutela apurtu
guk ezin dugu, beraz, inola
legedi txar hori gurtu
kostituzio zahar zein barriak
morroi baitgaitu bihurtu.(bis)
VI
Berrehun urtez Donostiak du
pairatu ta ezarpena
ordua dugu eskuratzeko
jatorriz hartu zuena
ez da baimenik eskatu behar
herriak du eskumena
udaletxeko jaun andereok
hauta zazue zuzena
aurrez bazuen orain behar du
PLAZA BERRIA IZENA.(bis)
Donostia 2017-08-10
Trunboi

Kategoria: 1813, 2017 Etiketak , , . Gorde lotura.

1 Response to Konstituzio arrotzen zale. Bertso berriak. Trunboi

  1. Pingback: Oroituz (Donostia 1813 sarraskia) | Donostia ke ta su 1813 kultura 2013

Iruzkinak itxiak daude.