Donostia 1813 komikia: Zigorgabeko loria. Josean Olabe. Berria.
Errautsetan estaliak
1813ko abuztuaren 31n Donostiaren suntsiketa ekarri zuten gertaerak jaso ditu Josean Olabe komikigileak ‘Zigorgabeko loria’ komikian. Abuztuaren 31n, 1813an, soldadu ingeles eta portugaldarrek Donostia hartu zuten, bertan agintzen zuten Napoleon Bonaparteren tropak garaitu ostean. Espainiako Independentzia Gerraren testuinguruan, hiria setiatu eta su eman zioten, ezerezean utzita. Baina Setio Gerra esaten zaion guda hori ez zen soldaduen arteko norgehiagoka hutsa izan, nahiz eta testuliburuek horrela laburtu. Hiritarrak izan ziren erasoen biktima nagusiak. Hilen zerrendan ehunka izen agertzen ziren, arrantzale baten semea tartean. Horri eutsita, Josean Olabek (Donostia, 1967) Bixente izenarekin eman dio bizitza Zigorgabeko loria bere azken lanaren protagonistari.
Donostiako setioaren bigarren mendeurrenaren harira atera zuen Olabek La gloria impune komikia, 2012an. Hirian gertatutakoarekiko jakin-minez eta marrazketaren zaletasunagatik argitaratu zuen lana egileak. Hasieran, asmoa euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzea zen, baina, autoedizioaren zamagatik eta gaiaren gordintasuna zela eta, euskarazko bertsioa atzeratzea erabaki zuen: «Emozio gogorrak jorratzen ditut lanean. Jendearen sufrimendua aipatzen egoteak azkenean nekatu egiten du; horregatik erabaki nuen atseden hartzea» esan du autoreak. Zazpi urteren ondoren, euskarazko edizioa argitaratu du aurten, Itsasgora argitaletxearen eskutik.