Oroit eta ohora. Donostia 1813. Bertso berriak Trunboik jarriak

OROIT ETA OHORA
Trunboi.

DOIÑUA: Pasaiako herritik dator notizia
I
Gipuzkuak nahi zuen
independentzia
aintzina zen bezala
babesle Frantzia,
Españiak ondoren
ordena bizia
Donostia zezaten
utzi eratxia.
II
Horri ez zion egin
Castañosek uko
tropa mardula zuen
bere aginduko,
gogor ekin zioten
han sartu orduko
batzuk ez dute, baina,
hori aipatuko.
III
Zenbat andere, gizon
han akabatuak!
Zenbat janari, pitxi,
ondasun ostuak,
bostehun etxe, berriz,
suak suntsituak
ta sarraskigileak
heroitzat hartuak!!
IV
Bitxia suntsiketa
ospatzeko era
garaipena bailitzan
handiki gainera,
Udalak behar luke
aldatu jarrera
ezta berandu eta
jotzeko atzera.
V
Bertakoekin zakar
Frantsesekin bigun
lekukoak esanda
mesede egin zigun,
zenbaitek nahiko luke
gera ledin ilun
eskerrak orain askok
gehiago dakigun.
VI
Hile bira hirian
hirurehun lagun
bederatzi mila aurrez
gogora dezagun,
ta izurriak jota
ez jan ez osasun
pentsa festatarako
zer gogo daukagun.
VII
Mila eta seirehun
denera hildako
gehienak gaixotuak
tifusa zen gako,
goseak, hotzak asko
txiro zirelako
ezin da hau ahaztu
larria dalako.
VIII
Donostiak merezi
du askoz gehiago
utzi tanbor hotsak ta
begira harago
noizko hildako haiei,
behar dutelako,
oroigarri duina
euskeraz nahiago?

Kategoria: 2021 Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.