Egiari zor
Zenbat lan isil hamar urtetan
egia agertu zedin
zenbat artxibo, paper ezkutu
bilera luze, ahalegin
hasieratik eutsi zioten
asmoari eta ekin
urte gehiegi Donosti z(ah)arrak
bertsio bakarrarekin
ordua zuten, behar zen, behingoz,
bukatu gezurrarekin.
II
Españak berak bultzatutako
garaipen baten hotsa da
hogeitamaikan ospatzen dute
tanbor hots, txanpan, algara
biktimei muzin, goretsi, berriz,
suntsitzaileen armada
ez da jolasa hala nahi dute
ez da soilik maskarada
erruki gabe ematen die
biktima haiei zastada.
III
Ez al du Españak genozidiorik
Euskal Herrian burutu?
oroit Gernika ta Donostia
ez dittu nonbait ikutu !
Durango, Eibar ta Otxandixo
nork zituen bonbaz sutu?
zeinek gorrotoz gure biktimen
garrazi latzak mututu?
entzun ahal duzu estatu hori
noizbatten denik damutu?.
IV
Hemeretziko mende osoan
egingo zuten aldarri
español eta bertako batzuk
berriz ere oztoparri
Udal Biltzarrak zion, halare,
izen zaharra ezarri
errotulorik ez ipintzea
egiten da susmagarri
ordua da ta “PLAZA BERRIA”
bekio betiko jarri.
DOIÑUA:
Lurraren pean sar nindaiteke.
Bertsolaria: Trunboi.