Hitzaldia: Donostia 1813-Gernika 1937 abuztuak 29 asteartea liburutegi nagusian

Kategoriak 1936, 2017 | Etiketak , , , , , , , | Utzi iruzkina

Donostia 1813-Gernika 1937 antzerki ibiltaria, larunbata 26

[youtube https://www.youtube.com/watch?v=bvLT3KOc7Jw]

1/4 Donostia 1813 antzerki ibiltaria 2017-8-26
2/4 Donostia 1813 antzerki ibiltaria 2017-8-26
3/4 Donostia 1813 antzerki ibiltaria 2017-8-26
4/4 Donostia 1813 antzerki ibiltaria 2017-8-26

[youtube https://www.youtube.com/watch?v=jo5GiSx1o5c]

Kategoriak 2017 | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Txillardegi, merezia zor

Txillardegi 2012MEREZIA ZOR
I
Gazte askorik somatu zuen
ikastearen taupada
amaren hitzak hazi bihurtuz
izan zitezen landara,
ekin ta ekin, irmoa baitzen,
hornitu zuen ganbara
baita aurkeztu lan borobilak
Arantzazuko hartara
baina halere ez zuten jaso
euskaltzain oso mailara.(bis)
II
Askon modura merezi zuen
igotzea goi gradura
neurtu ezina zenbat, nola zen
ahalegindu gizon hura,
adore osoz bultzatu zuen
euskara, euskal kultura
berpizkundeaz ta hedapenaz
bere gain hartuz ardura
donostiar hau izendatzea
udalak dauka eskura.(bis)
III
Zein dira hoiek, nork hautatuak
zer dute onik agertu?
Donostiari emandakorik
ez daukagu zer eskertu,
heuren leloaz, diru goseaz
gaituzte denok aspertu
erauntsi hoiek, oldar aldiak
bitez agudo atertu
horiengatik ezin duzue
Txillardegirik baztertu.(bis)
IV
Merezimenduz nor izendatu
ederki asko dakite
Txillardegiri tokatzen zaio
ta jaso dute enbitte,
esku eskura dute ahalmena
udalak erraz legike,
beste horiei nork egin die
kultur arlora konbite?
Alkate omen udal burua
agintzen, baina, COVITE!!!.(bis)

Trunboi.
DOIÑUA: Bizia ez da inoiz agortzen
Donostia 2017-03-21

Txillardegi

Kategoriak 2017 | Etiketak , , , , | Iruzkin 1

Etsaiak marro egiteaz harro

Donostia 1813 Gernika 1937Etsaiak marro egiteaz harro
I
Genozidio nabarmena da
Donostia erretzea
orobat anker, harrokeriaz
suntsiketa ukatzea,
berrehun ta lau urte ondoren
kalterik ez onartzea
lege bihurriz armak dantzatuz
indarrez okupatzea,
apeta zikin Euskal Herria
mapatik ezabatzea.(bis)
II
Cadizko lege multzoa, nonbait,
bizi gutxiko, laburra
erregetzaren berrezarpenak
absolutismo makurra,
handikeria, lilura itsu
kultur arrotza, glamurra,
garai haretan ugaritu zen
uzki zuria, lapurra
orain eurentzat nahiko lukete
geratzen zaigun apurra.(bis)
III
Gernikarekin zer egin dute
erre ondoren osorik?
Españiako ezein gobernuk
ez du ireki ahorik
parka eskerik ez zazu itxoin
ez dago eta gogorik
larogei urtez ez dute inoiz
galdu atsedenik, lorik
eta gezurrak barreiatzeak
ez du sortzen arazorik(bis)
IV
Berrehun edo larogei urtek
hona ezkero berdin du
argi daukagu tarte horretan
nork duen hemen agindu,
demokrazia ustelak zigun
amets ederra birrindu,
hemen zenbaitek ontzat emanak
gintuen biziki mindu
gudari haien odolez lurra
zertarako zen zikindu?(bis)
V
Donostia zein Gernika izan
zibil gaixoen hilketa
ta beste hainbat tokitan ere
jarri behar da arreta,
etsaiarentzat izan zen hura
aurre saio ariketa,
gertakarien berri ematen
har dezagun, bada, beta
ahaztezina gertatu dadin
hainbeste samin, hileta,(bis)

Trunboi.
DOIÑUA: Lurraren pean sar nindaiteke

Kategoriak 2017, Uncategorized | Etiketak , , , , , , , | Iruzkin 1

Errelatoa. Zein errelato?

ERRELATOA!! ZEIN ERRELATO?
I
Nahiz lehen unetik kolonizatu
estaltzen zare gogor saiatu
ta guk ordea, ozen argiro
nahi dugu hemen aipatu (bis)
oroitza ez da bukatu
badugu ta zer kontatu
nahiz ta aintzina gertatu
Burgosen bilduz, nafarrik gabe
Nafarroa eskuratu
konkista haren orbanik ez da
oraindikan ezabatu. (bis)
II
Nork du herri hau menpean hartu
zein indarrean gurean sartu
nork ezarri du bere hizkuntza
eta gurea baztartu? (bis)
Derrigorrean uztartu?
eta ukatzen ausartu?
ez du sikira hausnartu
ta mendetako morrontza latza
lege bihurriz indartu
ta nahi duzue zuen arauak
ditzagun otzan onartu? (bis)
III
Aipa dezagun demokrazia
Francon garaian ernarazia
zein da benetan dama galduak
merezi duen grazia (bis)
gerra badu ahantzia?
ondorengo erauntsia?
kunetan maltzur utzia?
zenbat gehiago isilduko du
erailen garrasia?
harik ta dena argitu arte
ez da bukatu auzia.(bis)
IV
Oroit España sutan Gernika
zuen lagunak bonbak jaurtika
Burgosen, berriz, gerra buruak
xaxa emanez, zirika; (bis)
haur, nagusi garrasika
nora ezean korrika
txarra alor zein karrika,
dena birrindu gehienak erail
haien asmoa, irrika,
majo lardastu duzue gero
suntsiketaren kronika, (bis)
V
Eta zer esan torturarena
Españak libre darabilena
estaltzen irmo, baina egia
beti beti nabarmena; (bis)
ukatzea da aurrena
ahanztura, luzapena
ta meatxua hurrena
tribunaletan ezkuta dadin
argitu nahi ez dutena
eta gainera nekez dizute
eskatuko barkamena. (bis)
VI
Zeuen juezak zeuen legea
ejerzitoa, matoi taldea
mendez mendeko indar orekan
nabarmena da aldea; (bis)
nork moztu digu bidea
etenda libertadea
ta estu lotu hedea?
gainera nork du hemen hobena
zazpi harlauzaz gordea?
armen indarra duzue baina
arrazoirik ez, ordea. (bis)
VII
Sarri ukatu arren badira
hirurehun bat urrun guztira
ez lirateke kinka horretan
preso arruntak balira; (bis)
gaixo larriak hor dira
hemen baleude sikira!
arrazoiaren argira
humanitate piska bat eta
borondatea aski da
gaixoak azkar bidal ditzaten
bakotxa bere herrira.(bis)
VIII
Ez naizen arren historialari
ausart hasi naiz kontu kontari
zirikaturik bide emanez
gehiago dakienari, (bis)
lotu dakion lanari
zeregina da ugari
ta askatasuna sari
bidean, baina, gal ez gaitezen
behar dugu egon adi
Euskal Herria dadin soil soilik
relatoaren zaindari. (bis)

Trunboi.

DOIÑUA; Naufragoarena
Donostia 2017-02-27

Kategoriak 1813, 2017 | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Gu, ospe txarreko jendaila

Donostia 1813GU, OSPE TXARREKO JENDAILA

Ez dut gezurrik esango, ospe txarra, halakorik bada, ez bait datorkit aitorpen
honetatik: haurra nintzela izugarri atsegin nituen guda-istorioak. Eta okertzeko
espantu handirik gabe diot adin bertsuko bizilagunekin aski partekatu zaletasuna zela berau. Egiaz, harritzekoa ere ez da, hiriko ospakizun nagusiek zaletasun horren arrastoan jartzen baitute bat.

Haurren danborradan parte hartu izan dugunok militarren antzera pasiatu izan
dugu, uniforme militarrez mozorroturik, militarren martxak irudikatuz. Ez Errege Lehoirik, ez Zeledonik, ez santu beltzik, eta areago gutxiago Mari Jaiaren parekorik; gurean militarrez mozorrotzea atsegin duten pertsona heldu antzeko bataioi batek piztu kanoikadak ematen dio hasiera abuztuko jaiari. Eta uniformeak atontzeko betarik gabe aritzen dira irailean zehar ere, Parte Zaharreko kaleetan gora eta behera, guda egin eta soldadu izatera “jolasten” Gaztelu Eguna izendatu “ospakizunetan”.

Frantziar armadaren errendizioa eta Donostiaren berreraikuntza oroitzeko ekitaldia dela diote antolatzaileek. Ekitaldia gertutik ezagutzeko aukera izan duen edonor ohartu ahalko da “ospakizunak” gutxi duela “berreraikuntzatik”; kanoiak, fusilak eta martxa militarrak gailentzen baitira. Frantziarren errendizioa dela-eta, “errendizio” hitzak berariaz darama irabazle eta galtzaileen arteko banalerro argia. Zein dira, ordea, irabazleak? Uka ezinezko historia gertakaria da Donostiak eta donostiarrek 1813 urtean pairatutako erreketa, arpilatzea eta bortxakeria, eta beraz, inork esan ezingo du donostiarrak ezeren garaile izan zirenik.

Historiaren kontakizunak moldatzeari ekiten diote orduan. Eskolako testu liburuetan “Espainiako Independentzia Gerra” izen arranditsuarekin ikasten dugun pasartearen azken nota daiteke Donostian 1813an gertatutakoa. Baina espainiar ohoreak halakorik ametitzen ez duenez gero, britainiar eta portugaldar armadek izenpetuko dute gurean jazotako “balentria”. Ezaugarri hauek eta gehiago medio, garaian jazartze eta bortxaketa kolektibo zekena eragin zuen gertakaria ospatzeak, ez du, bere horretan, herritarron arteko bizikidetza errazteko “sentimendu positibo sakonik” sustatzen.

Hori dela eta agertuko du ez donostiar gutxik ospakizun hauekiko aurkakotasuna. Baina egin dezagun, saia gaitezen bederen, halako “ospakizunen” ulertzera. Ospakizunen segizio ditugu errituak, hauetan horiek. Eta errituak ezagutzeak, erritu hauek ekoizten dituen sozietatearen oinarri juridiko, politiko, kultural eta sozialen gaineko ulerkera erraztuko digu. Boterearen eta boterearen aurreko jarrerak ulertzeko oinarrizko egitatea baitugu erritua, egitate soziopolitikoa.

DISONANTZIA AXIOLOGIKOA
Festa eta festak gaineratzen dituen tradizioei lotutako balore gatazkari esaten dio “disonantzia axiologikoa” Josep Martí i Pérez 1 ikerlari katalanak. Kontsonantziarik ez duen akordea edo bitartea dugu ​disonantzia eta ​axioma​, berriz, ​frogatu gabeko baina agerikoa den proposizioari esaten zaio logikaren eremuan; ​egiatzat hartzen dira, eta (menpeko) beste egia batzuk ondorioztatzeko hasiera puntutzat balio dute.

Genero diskriminazioei, animalei eman tratu txarrei eta izaera militarra duten festei estu lotzen zaizkie halako gatazkak, esango du ikerlariak. Eta zortekoak gu, gure festa halakoak hirurak biltzen baititu bakarrean. Gatazka hauen sorburuan ez dago, handietsitako tradizio baten kausaz, berezkotzat
hartzen diren ospakizunak edo beste garai batzuetako ospakizunak mantendu nahi izatea soilik. Tradizio hauek orainaldiko festetan txertatzen direnean iraganari egin begirada propioa sortzen dute, eta maiz, begirada honek, eszenifikatzen den horrekiko ikuskera garaikide jasanbera sustatzen du. Hauxe da gatazka bizten duen txinparta.

FESTA, BOTEREAREN GORAZARRE
Historiaren kontakizuna identitateen moldatzeko tresna behinena dugu. Eta
historiako pasarteen logika eta esentziak kondentsatu edo zehazten dituzten hitz
eta kontzeptuez jabetzea, hil hala bizikoa egiten da boterean gozo nahi
duenarentzat. Pierre Bourdieuk (1930-2002), menderakuntzen era eta maneren
arrastoan ari zela, menderatua otzantzeko botereek darabilten mekanismoez
ohartarazi zuen: ​“Botere orok dimentsio sinbolikoa du berekin: menderatuengandik atxikimendu forma bat lortu behar du, baina hau ez datza kontzientzia argi batek propio hartutako erabakian, baizik eta gizarte gorputzen otzantasun berehalako eta hausnarketa-aurrekoan”.
2
Boterea eta festa dimentsio sinbolikoan elkar elikatzen dira, festak eta errituak
ideien eremuan elikatzen diren era berean, eta honela, errituek “​errealitatea modu alegoriko batez islatzen, erantzuten edo aldarazten duten sinboloak bereganatzen dituzte.” ​Portaera estandarizatu eta errepikatu bat da erritua, eta bere dimentsio sinbolikoaren ondorioz, errituak halako zubi lana egiten du eremu sinbolikoa eta sozialaren artean, eta sozietateko harremanak indar handiagoarekin agertuko dituen denbora, espazio eta esanahi sinboliko berri bat eratuz.

Errituen helburua sozietateko ordena sendotzea da. Esanahiz beteta daude errituak. Gaztelu Eguna eta gorago zerrendatu “ospakizunetan” nola, ez dira gutxi gertakari historikoak eszenaratzen dituzten festak, eta beraz, iragana irudikatu eta oraina islatzen laguntzen diguten sinboloak aurkitzen ahal ditugu errituetan. Hau da:
“​Iraganarekin loturak ezartzen dituzten bitartean, festek gaur egungo gizarte
ordena erreproduzitzen dute, egungo hierarkiekin, eliteen eraginarekin, rol
banaketarekin.​”
3
LA MAUVAISE RÈPUTATION
Biziko duen inguruak militarra eta militarismoari gorazarre egiten badio, eta are, egokitu zaion inguruan festa eta iruditeria militarra elkarren eskutik badoaz, zein haurrek ez du gerra-istorioekin amets egingo? Eskerrak ametsak aldakorrak diren. Aldakorrak egoerak.

Esan dugu, kontsonantziarik ez duen akorde edo bitarteari esaten diogu
disonantzia. Akorde bat disonantea dela esan ohi dugu belarrira bitxi jotzen
duenean, aldatzeko gogoa bizten duenean. Bada, urteetan aurrera egin ahala,
musika aldatzeko areago eta gogo biziagoa izan ohi dut martxa militarren aditzean. Eta disonantziak, aldatzeko gogoak, belarrietatik begietara egiten dit, gorputz osora gero. Aldatzeko gogoa, ez aditzekoa, eta auzo-lotsa ikaragarria.

Tradizioaren edo identitateen nozio esentzialistak maiz aldaketaren aurkakoak
izaten diren bezala, Bourdieuk arrazoirik ez du falta eta tradizioaren defentsa sutsu eta mugiezina boteretsuenek egina izaten da. Hau da, ​agerikoa da sozietateko balio-sistema ezberdinek kapital sinboliko handiagoa aitortzen diotela talde batzuei beste batzuei baino; eta hala, tradizioaren defentsa mugiezina jendarte botere eta ospe handiagoko sektoreei loturik joan ohi da; proposamen berritzaileenak boteretik baztertuen dauden sektoreetatik datozen bitartean.

Eta Paco Ibañezek jarraitzen du: “En el mundo pues no hay mayor pecado/Que el de no seguir al abanderado/No, a la gente no gusta que/Uno tenga su propia fe”.

Gaztelu Eguna bera, eta berdin, esaterako, abuztuko jaiari hasiera ematen dion
kanoikadaren ekitaldia, ez dira antigoaleko asmakizunak. Lehenak, 1991ean ospatu zuen lehen edizioa, eta honen segida gisa sortuko zen bigarena, kanoikada alegia, 1993an, Donostiaren erreketa eta arpilatzetik 180 urte igaro zirela, hain zuzen ere.

Eta hala ere, bata zein bestea betierekoak direla irudi luke, hain azkar egokitu
baitira hiriko festaren iruditerian. Txandako mandatariak gozo eta eroso bildu zituen bere festa egitarauaren baitara, eta kasik “pekatu” bilakatu ekitaldi hauen aurreko kritika oro; kritikaria, berriz, ospe txarreko. Botereak ez baitu atsegin norbanakoak sinesmen propiorik izatea.

F​estaren ulertzeko, kulturekin nola, beharrezkoa izango da ikuspegi dinamikoa
atxikitzea, kulturak etengabe aldatzen baitira. Sozietateko egitura islatzen eta
sendotzen, edo zalantzan jartzen eta astintzen duten prozesuen bidez sortu eta
birsortzen dira kulturak, eta aldaezinak izatetik urrun, tradizioak ere asmatu egiten dira, Eric Hobsbawn (1986) ikerlariak agertu bezala. Eta asmatu egiten dira, iraganarekiko harremana eraldatuta, orainaldiko egoera berriei erantzun eman asmoz. Sozietateak bilakaeran daudelako aldatzen dira sozietate horietako ohiturak ere.

Edo hala beharko luke. Eta gure garai arraro hauetan, XXI. mendea ongi
urratua dugula, aldaketaren funtsa atzera militarismoa bada, atsegin bikoitz batez ospatuko dut mandazainen begi-ahoek egotziko diguten “ospe txarra”. Eta topa!

1
​MARTÍ PÉREZ, Josep (2008). “​Práctica festiva y tradición en las celebraciones urbanas actuales”.
Jentilbaratz.​ 11, 163-175.
Georges Brassens (1921-1981) musikari frantziarrak ondutako ​La mauvaise
réputation abestia Paco Ibañezen ahotsean ezagutu nuenez gero, etxekoei zor,
ezelako martxa militarraren lehen notak aditzean aipatu abestiaren ondorengo
estrofa datorkit gogora: “Le jour du Quatorze Juillet/Je reste dans mon lit
2
​BOURDIEU, Pierre (1980). “La domination masculine”. Actes de la recherche scientifique, Paris,
84:2-31.
3
​“Gipuzkoako lurralde historikoko jaiei buruzko azterketa, generoaren ikuspegitik” (2009). FARAPI S.L.
eta Gipuzkoako Foru Aldundia.
douillet/La musique qui marche au pas/Cela ne me regarde pas” (​Cuando la fiesta
nacional/Yo me quedo en la cama igual/Que la música militar/Nunca me supo
levantar​)

Kategoriak 2017 | Etiketak , , | Utzi iruzkina

Plaza del 18 de julio eta plaza de la Constitución

Plaza Berria DonostiaPLAZA DEL 18 DE JULIO eta PLAZA DE LA CONSTITUCIÓN

Hauek ziren eta dira Donostiako burgesia espainiarrarentzat eta bere akolitoentzat plaza honen izenak, baina, ez guretzat. Guretzat PLAZA BERRIA izan da beti, da eta izango da.

Donostia hiri nafarra fundatu eta gutxira, 1200. urtean, Gaztelako erresumak konkistatu zuen. Ordutik eta gaur arte, Gaztelako (XIX. mendetik aurrera Espainia) indar okupatzaileak izan dira eta dira hiriko jaun eta jabeak. Guretzat, tragedia historikoa da.

XVI. mendetik aurrera, behintzat, hiriak plaza bakarra zuen, PLAZA ZAHARRA. Gaurko Boulevard 18-26 zenbakien arteko etxeei dagokie. Urte batzuk direla, esparru honi Ugartemendia Plaza izena jarri diote (Plaza Zaharra, bere benetako izena ez jartzeagatik), Ugartemendia kalea badela Bentaberrin jabetu gabe. Hau inkonpetentzia!

Militar okupatzaileek Plaza Zaharra erabiltzen zuten beraien maniobretarako eta liskarrak sortzen ziren herritarrekin erabilera horrengatik. Gauzak horrela, eta militar hauekin liskar horiek ekiditeko, Hiriko Kontsejuak (Udalak) orduan Enbeltran eta Amasorrain kaleen artean zeuden etxeak bota eta Plaza Berria sortu zuen, 1722. urtean Plaza Zaharra ordezkatzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko.Plaza berri hartako Kontseju etxea eta beste eraikin guztiak Udalaren kontu egin ziren.

1813.ean Plaza Berria suntsitu egin zuen espainiarren aliatuak ziren ingeles-portuges armadak. Eraberritu eta 1818.ean ireki zen berriz, bere betiko Plaza Berria izenarekin. Baina, Donostiako patriota espainiarrak ez zeuden herritarrek emandako izen hori onartzeko, beste batzuen artean, Joaquín María Ferrer militar espainiarra. Garai hartan Donostiako zen Pasaia San Pedron jaioa zen jauntxo hau “liberal apasionatua” omen zen eta Esparteroren adiskide mina; Catalina de Erauso mojari buruzko kontakizun faltsutuaren istorioaren asmatzailea; Foruen etsai amorratua; ministroa eta baita Espainiako gobernuko presidente ere. Nafarroako erresuma zaharra suntsitu eta probintzi bihurtu zutenean, 1841.ean, nor hautatu zuten Madrilen Nafarroako senatore?: Joaquín María Ferrer.

Ferrer espainiar Inperioa defenditzen ibili zen San Martin generalaren aurka Argentinan eta Perun. Handik bidali zituzten bera eta bera bezalako pertsonaiak eta hona etorri ziren beren aberri espainiarra inposatzera.

Honela, Plaza Berriari 1820.ean, izena aldatu eta 1812.ean jauntxo hauek idatzitako “konstituzioa”ren izena inposatu zioten. Udal akordiorik ez da, ordea, azaltzen. Estatu “nazio-aberri-espainiar-moderno-konstituzionala” sortuko zutelako aitzakian, beraiek negozioak egiteko agintzen zuten elementu hauek.

1823.ean bidali zituzten agintaritzatik eta Fernando VII.a (“rey felón”) berriz ere itzuli zen. Donostian, Plaza Berrian egon zen 1828.ean zezenak ikusten, Bermingham alkatea eta Antón de Luzuriaga zentsorea(Ferreren koadrilakoak zirenak) laguntzaile zituela. Ikusten da errege horri plazaren izenak bost ajola ziola.Errege hura 1833.ean hil zen eta Ferrer, Espartero eta gudan karlisten aurka ibili ziren pertsonaia dohakabe haiek berriz ere hemen ziren agintean. Ferrer 1841.ean hil zen Santa Agedako bainu etxean.

XX. mendean sartu aitzinean, euskal kulturaren berpizkunde bat izan zen; euskaldunek espainolei zieten beldurra galtzen joan ziren. Jose Manterola, beste batzuen artean, izan zen Donostiako euskal kulturgintzako eragile sutsua. Euskara eta euskal nortasuna indarra hartzen joan ziren. Sabino Aranaren eta Arturo Kanpionen pentsamendua eta ideologia zabaltzen joan zen. Testuinguru honetan, Karmelo Etxegarai azpeitiarrari eman zioten Donostiako Alde Zaharreko kale izenak euskaratzearen lana eta honela, gure Plaza Berriaren izena ofizialki onartu zen, 1897. urtean. Baina, zoritxarrez, errotuloak ez ziren inoiz jarri. Dena dela, erabaki hura ez da inoiz atzera bota eta gainera, faszismoan ere, 1967. urtean berriz ere onartu zen aipatu izen ofiziala (1897.ekoa). Hala ere, errotuloa orduan ere ez zen jarri. Baina, izen horrek gaur egun indarrean jarraitzen du. Jakin bezate egun Udalean agintean daudenek.

1936. zoritxarreko urtea etorri zen eta faszista espainiarrak, Mola generala buru zutela, Donostiako hiriaz jabetu ziren eta 1813.ean bezala milaka herritarren heriotza eta deserriratzea eragin (pentsa, orduko 90.000 biztanleren erdiak baino gehiagok ihes egin zuen, espainiar nazi-katolikoen konkista eta suntsiketaren ondoren).

Agintari berriek, boterearen orgasmoan, gure Plaza Berriari, “Plaza del 18 de Julio” izena jarri zioten 1937.urtean eta 40 urte luzez iraun zuen izen horrek. Oraindik ere, baziren garai hartan Plaza Berria deitzen zioten donostiarrak. Lotsagarria da, gaurko arduradunek ez dutela plazako historia agertzen paneletan “18 de julio” izena ere izan zuela, alegia. Ikusten da beraien kontakizun faltsuan izen hori ez dela sartzen!

Franco kaudiloa Jaungoikoak jarri zuen (“por la gracia de Dios” omen) eta Fernando VII.ak bezala plazako balkoira ateratzen zen Donostiako faszisten txalo artean. Hori ere kontakizuneko parte ez al da?

Franco fisikoki hil zen, egia, baina kale izenak arma ideologiko bezala ibiltzen ziren eta dira. Hala ere, gezurra ematen du, baina, faszistek garai batean bi hizkuntzatan errotalutzea eta Euskalerria hitza Espainiako parte bezala ikusten zuten. Euzkadi, aldiz, “separatisten” gauza. Ze gauza! Espainiar nazionalistek eurek erabiltzen dute gaur egun Euskadi hitza, gure Euskal Herriaren aurka.

Honela 1979. urtera heldu ginen eta noski, “18 de julio” izena aldatu behar zela erabaki zuen Udalak. Historia eta Kultura piska bat zuten pertsonek Plaza Berria deitu behar zela zioten, hori zela betiko izena. Beste batzuek (kultura gutxiko jendea) zioten “la consti”, deitu zitzaiola beti. Alkain alkateak, berriz, esan zuen gure arbasoek jarri zutela “constitución” izena eta gizonen eskubideak konsagratzen omen zituela konstituzio hark eta errespetatu egin behar zela haiek jarritako izena. Ziur aski Ferrer izan zela ere ez zekien alkate honek!

Faszismoak gauzak oso ongi egin zituen. Ez dakigu Alkainek jakingo zuen Esparterok txapela buruan erabiltzea ere debekatu zuela 1838. urtean! Eta Jose Manterola institututik bidali egin zutela Foruak defenditzeagatik 1876. urtean.

Espainiar estatuko biztanle gehienek frankisten errejimenaren legitimitatea onartu zuten eta ez hori bakarrik, errejimen kriminal horren kontakizuna. Zeregin horretan, Donostiako burgesia, bere akolitoak eta beraien bozeramaile den “Diario Vasco” egunkaria espainol nazionalismoarekin lerrokatuak eta euskal kultura eta abertzaletasunaren aurkako iritzi joera ia orokortu dute eta guk euskal herritar euskaldunok Plaza Berria 1897.urtean euskaraz onartu zen izena errespetatzea -hitz batean, pertsona zibilizatuak izatea- eskandalagarria iruditzen zaie.

Non daude kultura, zibismoa, zintzotasuna, zuzentasuna eta justizia?

Josu Tellabide. (Etnologoa)

Noticias Gipuzkoa. Josu Tellabide.

Kategoriak 1813, 2017 | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Konstituzio arrotzen zale. Bertso berriak. Trunboi

KONSTITUZIO ARROTZEN ZALE
DOIÑUA: Lurraren pean zar nindaiteke
I
Cadizko lege berri multzo hark
sortzen digu harridura
berrehun ta bost urte ondoren
zertaz gintezke lilura?
Euskal Herri hau zein libertatez
zuen oparo ingura?
Euskal hiztunei zer zekarkien
zein eskubide onura?
eta San Telmon goraipatua!!
norena da sinadura? (bis)
II
Libertateak zekarzkiela?
Haseratik gezur hutsa
orduan ere egun bezala
bazekiten norantz bultza,
lege gorena baliatuaz
ezarri zuten soldautza
eta gainera eurena jarriz
baztertu gure hizkuntza
gaur egun ere uste ez arren
Españak du eskuduntza.(bis)

III
Ze sufragio eta zer ipuin!!
ez izateko nagusi
Euskal Herrian mende t’erdian
horixe dugu ikusi
kostituzio zaharra bela
zuten errotik erauzi
berriak, aldiz, agindu eta
eskumenik gabe utzi,
aginpidea Españak dauka
ongi digu erakutsi.(bis)
IV
Zein naziotaz ari ote da
Foru Aldundi, Udala?
Eskubideak nork banatuak
jabetza ta kapitala?
zer dun nahiago Euskal Herria
ala etsaien magala
nora dijoan zein asmorekin
behingoz argitu dezala
ez da garbia, parte oneko
darabilen martingala.(bis)

V
Araudi zital, kaltegarria
pozarren dute agurtu
helburu, berriz, denok emeki
España barnean urtu
ahaztuz nahita gure herri hau
hoiek zutela apurtu
guk ezin dugu, beraz, inola
legedi txar hori gurtu
kostituzio zahar zein barriak
morroi baitgaitu bihurtu.(bis)
VI
Berrehun urtez Donostiak du
pairatu ta ezarpena
ordua dugu eskuratzeko
jatorriz hartu zuena
ez da baimenik eskatu behar
herriak du eskumena
udaletxeko jaun andereok
hauta zazue zuzena
aurrez bazuen orain behar du
PLAZA BERRIA IZENA.(bis)
Donostia 2017-08-10
Trunboi

Kategoriak 1813, 2017 | Etiketak , , | Iruzkin 1

Hitzaldia: Donostia 1813, Gernika 1937 duela 80 urte. Iñaki Egaña asteartea 29, 19:30tan

Donostia Sutan.

Hizlaria: Iñaki Egaña, historialaria eta idazlea.
Liburutegi nagusiko sotoa, S. Jeronimo kalea, Donostia, Alde Zaharra.
Asteartea, abuztuak 29, 19:30tan

Kategoriak 2017 | Etiketak , , , , | Utzi iruzkina

Donostia 1813ko abuztuak 31 sarraskia, antzerki ibiltaria larunbata abuztuak 26, 20:30tan

Donostia Sutan. Aurten ere, 1813ko gertakariak gogoratzeko, antzerki ibiltaria egingo dugu. Abuztuaren 26an, 20:30tan Bretxatik hasita. San Juan kaletik abiatuko gara, San Bixente, Abuztuaren 31 kalea, Andre Maria basilikaren ataria, kale Nagusia, Portu kalea eta plaza Berrian amaitu ekitaldi batekin.

[youtube https://www.youtube.com/watch?v=lDl_5FshxiU]

Kategoriak 2017 | Etiketak , , , | Utzi iruzkina