203 ahaztu ezinak
Doinua: Hamalau heriotza
I
Mila zortzirehun ta
hamairugarrena
aliatuek zuten
burutu krimena
abuztu hondarrean
morailan barrena
sartuta lehendabizi
indar agerpena
bazterretan utzirik
heriotza, pena.
II
Donostiak zeraman
sei urte menpeko
istilurik sortzeke
konforme antzeko;
kanpoan ingelesak
gerturik sartzeko
hirikoak pozarren
horiek hartzeko
baina itxaropenak
hautsi ziren seko.
III
Españak zuen, ustez,
barnekoen barri
ta iritzi zirela
frantsesen euskarri;
behar zieten, bada,
zigorra ezarri,
aliatuei zien
zeregina jarri
eraitsi zezatela
dena harriz harri.
IV
Sartuaz bat ozena
sarraski turuta
Españak urrutitik
aginte batuta;
erraza zen sartzea
armaz lagunduta
erraza jabetzea
izua sortuta
urtetan ez zen ahaztu
horien konduta
V
Vitoria ez zuten
erre ez birrindu
inoren ohorerik
ez zen han zikindu,
Donostian, ordea,
bazterrak lorrindu
su emate ankerra
nork zuen agindu?
gaur ere hiri honek
bihotzean min du.
VI
Pizti beldurgarrien
gisara sarturik
han ez zen begirune,
xera, errukirik;
ez zen errespetatu
heldu ez umerik
bertan egin zirenak
ez da esaterik
pozik, baina, gelditu
zirenak bizirik.
VII
Bengantza gosez ziren
gaizkile alenak
goikoen aginduak
betetzen lehenak;
bortxa, erahil, birrindu
ahal zituzten denak,
bistan jartzen ditugu
gertatu zirenak
luzaro gorde ditzan
herri oroimenak.
VIII
Soldaduak aseta
txurrut eta dantza
herritarrek, ordea,
urri esperantza;
kontatzen hasi behar,
mingotsa zalantza,
ehundik gora erahilak
hara ze triskantza!!
urteak jo zituzten
berdintzan balantza.
IX
Horren ondoren bistan
mixeri gorria
nahi barik estutu zen
askoren gerria,
iristen zena baitzen
jenero urria
eta kupida gabe
lepora zorria,
tifusak zuen gero
miestu herria.
X
Astintzen goaz orain
haserre korneta
aspertuta gaude ta
jotzeaz hileta;
gaurkoan gatoz hona
jartzen salaketa
ordaintzeke dago ta
hainbeste hilketa
Españak izango du
bere epaiketa.
XI
Parkamen eskaririk
ez zaigu luzatu
ordutikan España
ez baita aldatu;
gerora egina da
hamaika pekatu
oraindikan Gernika
ez zaio garbatu
gaitzesten dugu, bada,
ta madarikatu.
XII
Historia nahi lukete
arrosaz marraztu
eta ahanzturari
bidea erraztu
ta nahi diguten arren
burua nahastu,
ditugun oroimenak
zeharo narrastu
ezingo da inola
egun hura ahaztu.
Bertsolaria: Trunboi.