Gontz garaia” Fito Rodriguezen liburu berria, Donostiako sarraskiari buruz 1813an. Berria
Donostiaren 1813ko erreketa, orduko Europako testuinguruan
Gertakaria ez da Independentzia Gerrako pasarte bat, Gerra Napoleonikoetakoa baizik, Fito Rodriguezek ‘Gontz garaia’-n dioenez
Eguraldian galerna den parekoa da gontz garaia historian, aldaketa dakarren fenomeno nabarmena, ikusgarria. Hortik hartu du izenburua Fito Rodriguezen (Gasteiz, 1955) Gontz garaia (ipuinak kontatzen ez dituztenei) saiakerak (Utriusque Vasconiae). «Niretzat, gontz garaia da duela 200 urte, Gerra Napoleonikoen garaian, hemen gertatutakoa», azaldu du Rodriguezek. «Pribatizazioei dagokienez, XIX. mendean lurrak pribatizatu ziren, komunalak desagerraraziz; XX. mendean pribatizatu dira industria handiak; eta XXI. mendean egitura finantzieroak ari dira pribatizatzen, adibidez kutxak. Garai bakoitzak bere ardatza du, baina zenbait garaitan, gontz garaietan, dena batera azaltzen zaigu, eta hori da hemen duela 200 urte gertatu zena».
Gontz garaia. Fito Rodriguez. Gara
Fito Rodriguez irakaslearen hitzaldia: “Napoleonen garaiko ideologia eta kulturaren egoera”
Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. Donostia / San Sebastián.UPV/EHU
[youtube https://www.youtube.com/watch?v=VlBP_PjKBIA?version=3&rel=1&fs=1&showsearch=0&showinfo=1&iv_load_policy=1&wmode=transparent]
Programa EHU: “Napoleon garaiko gerrak eta 1813ko Donostiako suntsiketa“
Iraganak gugan utzi duen arrastoa
Fito Rodriguezen Gontz garaia dela eta
2013ko ekainean, Wellingtonen tropek Gasteizen Napoleonen armadari sekulako jipoia eman zioteneko bigarren mendeurrena oroitu genuen, eta, abuztuan, berriz, Donostia suntsitu zutenekoa. Iaz Baionan izan ziren oroitze ekitaldi nagusiak; kontuan izan hiria 1814ko apirilaren 27ra arte ez zela errenditu, Napoleonek bakea apirilaren 18an izenpetu bazuen ere. Tokian tokiko gertaera zehatz haietatik harago begiratu eta garai haren ikuspegi panoramikoagoa eskaini nahi izan du Fito Rodriguezek; aldi berean, garai hura eta gaur egungoa erkatuz. Horrela osatu du Gontz garaia (Utriusque Vasconiae argitaletxea), saio labur bezain iradokigarria.
Gontz hitzak bisagra edo ate-erro esan nahi du (aitor dezadan nik, behintzat, hiztegian begiratu behar izan dudala). Izan ere, garai hura bisagra moduko bat izan zen, oraindik guztiz joan ez den eta oraindik guztiz etorri ez den garaien arteko denbora bat, paradoxaz betea. Gaur egungoa bezala, alegia; gaur egun ere badugulako aldaketa momentu historiko batean bizi garen irudipena edo susmoa. Hauxe da Fitoren gogoetaren abiapuntu nagusia. Eta aldaketa giro haren eta honen unibertsaltasuna nabarmendu nahian-edo, gogoetari honako galdera ere gehitu dio: zerk lotzen ditu garai hartako eta gaur egungo Donostia eta Europako “beste puntan” dagoen Bosniako Travnik?
Abiapuntua zehaztuta, bideari lotzen zaio Fito, eta berehalaxe topo egiten du paradoxa handi batekin: Napoleonek Iraultza frantsesaren indarra baretu eta, are gehiago, antzutu edo galarazi zuen; hala ere, Iraultza haren oinarrizko printzipioak esportatu zituen, haren armadako baioneten bitartez, bai, baina, oroz gain, haren Kode Zibilaren bitartez. Liburu hark finkatu zuen legearen aurreko berdintasun printzipioa (Iraultzatik zetorrena), Montesquieuk aldarrikatutako botere banaketa; dibortzio eskubidea, Estatuaren laizismoa… Hau da, Kode hura egungo modernitatearen oinarria da. Napoleon kabroia zen, baina tontoa ez, eta Santa Elenan azkenetan zegoela garbi asko ikusi zuen: “Nire gloria ez da berrogei batailatan garaile atera izana, Waterlooko porrotak garaipen horiek guztiak jendearen memoriatik ezabatuko dituelako; nire benetako gloria Kode Zibilean datza, inork ezabatu ezingo duelako eta betiko iraungo duelako”.
Paradoxa nagusi honetatik tiraka, beste batzuk agertzen dira, gereziak balira bezala. Esaterako, hau: Kode hari esker Zuzenbidea gailendu zen, ez derrigorrez eskubideak. Edo beste hau: progreso eta askatasuna inposatu egiten dira, baita armen bitartez ere, horrelako progreso eta askatasunik behar edo nahi ez dutenei. Izan ere, herri bat inbaditzea, betiere herri horren beraren “hobebeharrez”, ez da gaur egungo asmakizuna.
Beltalde, garai hura inperioena izan zen… britainiarra, otomandarra, austriar-hungariarra, errusiarra… Napoleonek ere inperio bat eratu zuen, baina, berriro paradoxa, haren politikaren ondorioz, batzuetan nahita eta beste batzuetan nahi gabe, nazionalismoak sustatu zituen. Gerra napoleondarrak izan ziren Latinoamerikako herrialdeen independentziaren abiapuntua, bai, baina Europako abertzaletasunetan ere sekulako eragina izan zuten. Gogoratu garai hartakoa dela Joseph Garat lapurtarrak Fenizia Berria izeneko euskal estatu bat sortzeko egin zuen proposamena. Europako “beste puntan”, berriz, justu Napoleonen armada Istria, Dalmazia eta Kroazian sartu zenean, inperio otomandarra hasi zen galtzen inguru haietan zuen itzala, austriar-hungariarraren mesedean. Halaber, austriar-hungariarra indartu ahala, Balkanetako erresistentzia abertzalea piztu zen. Fitoren aburuz, hori Donostia eta Travniken arteko lotura posibleetako bat baino ez da.
Kulturan ere garbi ikusten da hura gontz garaia izan zela. Horra Goetheren Fausto, guztiz klasikoa eta, halaber, erromantizismoaren aitzindaria. Frantsesez idatzi zezakeen, frantsesa baitzen garai hartako kultura hizkuntza. Alemanez idatzi zuen, ordea. Eta, Goethek bezala, garai hartako sortzaile askok norbere hizkuntza hautatu zuten, baita Euskal Herrian (eta Bosnian) ere.
Beethovenengan islatzen dira garai hartako hainbat paradoxa. Hasieran Napoleonen alde paratu zen, kortsikarrak Iraultza sendotuko zuelakoan. Laster desengainatu eta kontra jarri zen. Beethovenen idearioa Ilustraziotik zetorren, eta, hala ere, edo beharbada horregatik, haren musikak Alemania piztu berriaren izpiritu abertzalearekin bat egin zuen. Molde klasikoa, izpiritu erromantikoa.
Liburuan zehar, Fitok garai hartako ertz edo zoko asko argiztatzen ditu… eskola nazionalen sorrera, tokian tokiko kulturen garapena kosmopolitismoaren aurrean (esa sarriegi kosmopaletismoaren aurrean, Marshall McLuhanek esango lukeen bezala), propaganda politiko modernoaren hastapenak eta beste hamaika kontu. Gero, argiztatutako ertz edo zoko horiek gaur egun nolako isla duten erakusten du. Adibidez: Nazioak sortzen du Estatua edo, Frantzian bezala, Estatuak sortzen du Nazioa? Galdera honek ardaztu dezakeen eztabaida ordukoa da.. Ordukoak dira ere kulturgileak boteretsuen mendeko artisau izatetik artista izatera pasatzea, eta, horrekin batera, lehen intelektualak plazaratzea. Fitok, formakuntzaz eta lanbidez filosofoa izanik, Kant ere gogoeta-iturri bihurtu behar zuen, jakina. Haren sapere aude (ausart zaitez jakitera) ospetsuaren nolabaiteko interpretazio gaurkotua egiten du: erabaki behar duzu ea errealitatearen ikusle huts izan nahi duzun edo errealitatea aldatzeko inplikatu nahi duzun.
Arestian esan bezala, Gontz garaia liburu laburra da (ehun orrialdetxo baino ez du), baina gogoeta egiteko iradokizunez beteta dago. Iraganaren berri ez ezik, iragan horrek gure gizartean utzi duen aztarnaren berri ere nahi duen irakurleak estimatuko du. Martin Anso.